"OSO POZIK GAUDE; ARTZAINEI ETA IDIAZABAL GAZTARI EGINDAKO ERREKONOZIMENDUA DA"
Sarian, Idiazabal JDko gaztagile eta ARTZAI GAZTA elkarteko kide bi izan ditu lagun Remirok: hain zuzen, Manuel Bengotxea eta Jose Inaxio Ugartemendia gaztandegiak, zeinak kategoriako finalista bakarrak izan baitira
Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumeneko Ministerioak eman ditu "2017ko Gazta onenaren Espainiako elikagaiak sariak", tokiko gaztak sustatu eta ezagutarazteko asmoz, kalitate eta propietate organoleptiko onenak dituztenak aitortuz, behi-, ardi-, ahuntz- eta nahaste-gazta onduen eta gazta ondu lizundun edo urdinen kategorietan.
Hala, "ardi-gazta onduaren" kategorian, Ricardo Remiro gaztandegiak irabazi du 2017ko saria, eta finalista izan dira, batetik, Urdazubiko (Nafarroa) Manuel Bengotxea gaztandegia Bengotxea gaztarengatik eta, bestetik, Berastegiko (Gipuzkoa) Jose Inaxio Ugartemendia gaztandegia Gazpio gaztarengatik.
Idiazabal Jatorri Deitura Babestuko hiru gaztandegi horiek, ARTZAI GAZTA elkarteko kideak, gazta egiteko beren artaldeetako esnea erabiltzen duten familia-ustiategiak dira. Ibilbide bikaina egin dute, eta hainbatetan izan dira sarituak, toki-mailan, nazioan nahiz nazioartean.
“Oso pozik gaude eta horrek indarra ematen digu gaztaren kanpaina berriari ekiteko. Artzainei eta Idiazabal deiturari egindako errekonozimendua da", adierazi dute Ricardok eta Cristinak albistearen berri jaso dutenean. Ricardo eta Cristina ardi latxaren artzaintza tradizionalean aritzen den familia oso baten buru dira. Ardien esne gordina erabiliz egiten dituzte beren gazta zoragarriak, Nicolás eta Rosita arbasoen eskarmentua eta trebezia dutela abiaburu.
Idiazabal jatorri-deiturak eta ARTZAI GAZTA elkarteak poza adierazi nahi dute lortutako emaitza dela eta. Kontseilu Arautzailearen buru Jose Mari Ustarrozen hitzetan, "harro aitortzen eta ematen dugu gaztandegi hauen berri; izan ere, estatuan zein nazioartean hainbat dastatze-batzordek saritu ditu hoberentzat.
“Gure ustez, kanpoan ere gure artzainen ahalegin eta ilusioa aitortzen duten seinale dira", gaineratu du Aitor Campionek, ARTZAI GAZTA elkarteko buruak.