Idiazabal gazta Deskribapena
Naturan dauka jatorria, Euskal Herriko paisaia berdeetan, alegia. Ingurune horretan, hain zuzen ere, zortzi mila urtez ia aldaketarik gabe euskal artzainek ardi latxa eta Karrantzako ardia hazi dituzte, ezaugarri bereziak dituzten tokiko ardi-arrazak, eta horien esne gordinarekin ekoizten da gure gazta paregabe eta preziatua.
Neolitikotik, artzainek eta gaztagileek urtaroz urtaro ibilbide zaharrak egin dituzte, ziklo aldaezin bati jarraitzen dion jaki natural bati probetxua ateratzeko: mendi-gaineko bazkak udaberrian, udan eta udazkenean, eta haranetakoak neguan.
Ardi latxak eta Karrantzako ardiak balio erantsia ematen diote gure arbasoengandik datorkigun artzaintza mota horri, haren ardatz nagusia baitira eta ingurumena eta gure inguru naturalaren paisaia ederrak kontserbatzen laguntzen baitigute. Hona hemen bi arraza horien bereizgarriak:
- Landa-animali txiki eta sendoak dira.
- Kalitate handiko esnea ematen dute.
- Bazkak eraginkortasunez eraldatzen dituzte.
- Arkume-hazle bikainak dira.
- Jezte-ardi horiek esne kopuru mugatua sortzen dute, ehun litro inguru denboraldi bakoitzeko, otsailetik ekainera arte nagusiki.
- Iraunkortasunean laguntzen dute, gure mendi eta haranetako bazkei probetxu ateratzeko gaitasuna baitute.
- Gure paisaiak egituratzen eta ehunka familia landako eta mendietako guneetan manten daitezen laguntzen dute.
Arraza horien ñabardura sentsorialak urtaroaren, bazka-gunearen, klimaren eta tradiziorik errotuenak eguneratzeko gai izan diren gure gaztagileen eskuen arabera aldatzen dira. Horri guztiari esker, Idiazabal Jatorri Deituraren gaztak desberdinak eta bereziak dira, eta pieza bakoitza errepikaezina da. Idiazabal gazta:
- Esne gordinarekin ekoizten da
- Ardi latxa eta/edo Karrantzako ardiaren esnearekin egiten da soilik
- Bi hilabetez ontzen da gutxienez
- Tamaina txikikoa edo ertainekoa da, eta kilogramo bat eta hiru bitartean pisatzen du, nahiz eta zatika ere merkaturatzen den
- Entzimen bidez koagulatzen da (gatzagia)
- Trinkotua, pasta gogorrekoa
- Koipetsua: % 45 koipea gutxienez, estraktu lehorraren aldean
- Ketua eta ketu gabea izan daiteke
Idiazabal gazta baten mantenugaien proportzioa
100 gramo Idiazabalek, sei hilabetez ondu ondoren, honako ekarpena egiten du:
- Proteinak: 21 gramo
- Koipea: 33 gramo
- Gatza (CINa): 1,8 gramo
- Kaltzioa: 1.873 miligramo
- Fosforoa: 817 miligramo
- Energia: 385 kilokaloria
Osaera horrek pertsona baten guztizko beharren ehuneko hauek betetzen ditu, sexuaren eta adinaren arabera.
100 g Idiazabalek eguneroko elikadura-beharretan egiten duten ekarpena
- Mantenugaia
- Proteinak
- Kaltzioa
- Fosforoa
Azpimarratzekoa da daukan kaltzio ugaria, horri esker Idiazabal gazta osteoporosia prebenitzeko elikagai aproposa baita.
Ziurrenik, ez da horren ezaguna hortzetako txantxarra prebenitzeko duen ahalmena, txantxarra eragiten duten zenbait mikroorganismo haztea ekiditen baitu. Izan ere, karbono-hidrato gutxi ditu eta listu-jarioa areagotzen du.